XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) eta haize zakarra, oinaztua eta trumoia etengabe, baina, ohi duen legez, batere eskandalurik gabe ekin zion, emeki-emeki.

Oso goiz elkorra izana nuen lanean, poltsiko-hiztegiño bat ere ezin iragazitik, jotako ate guztiak ireki orduko ixten zirela, nire liburuen ontasunak aldarrikatzeko aukera txikienik gabe.

Ez dakit auzoan zebilen gaiztaginen baten antza hartzen zidaten ala zer.

Etsita nengoen. Nahiz eta oraindik arratsaldea hor egon, ez nuen adorerik jarraitzeko.

Goiz hartan eroritako azken etsipen-tantek betea zuten edalontzia.

Ez nion neure buruari etorkizunik ikusten ogibide hartan.

Bazkaldu ondoren, whisky kopa bat eskatu eta leiho ondoko mahai batera aldatu nintzen.

Geldo-geldo erortzen ziren malutatxo bakanak, zeruko asti eta isiltasun guztia aldean balekarte bezala, eta maitekiro pausatzen, ziztu bizian hara eta hona zebiltzan auto eta pertsona zaratatsuen gainean.

Txikitatik eraldatu izan nau elurrak.

Eguerdian bazkaltzeko jatetxe baten bila nenbilela sentitu nuen nabarmen elur-usaina, hasi aurretxoan sentitzen den usain berezi hori, egun hartatik nire psikearen hari ezkutuek sexu-usainarekin lotzen dutena.

Zeruko laino-tontor borrokalariak, konterri liskartuen gisa elkarrekin gatazka gogorretan jardun ondoren, baketuak ziren guztiz, eta elkar harturik eta beren mugak ezabaturik, lerrokatua zuten mataza-gudarostea ortzeko izara grisaren atzean.

Oso liriko nengoen goiz hartan, bistan da; artean elur-usainak elurra bakarrik iragartzen zidan.

Mara-mara ziharduen.

Txapela lakotxe matazak, baserriko aitonak esan ohi duen moduan.

Halako batean, ez dakit zergatik, maluta batek erakarri zituen nire begiak, zein sugeak txoria.

Teilatu-hegalaren parean bistaratu nuen lehenbizi; (...)